PRUEBA COOKIES ENLACE
COOKIES

XX. mendea

Santurtziko udalerria 1901ean zen Santurce Antiguo izenarekin. Bere ekonomiak aurrera egiteko bide nagusia Bilboko portuaren eraikuntza eta garapena izan zen.

XX. mendearen lehen herenean jarduera ezin biziagoa izan zuen. Azpiegituren atalean, zehazki, ondorengoak egin ziren: kanpoko Rompeolas bukatu, hondartzak lehortu, kostaldeko guneak bete, Nerbioi ibaiaren ibilguari kendutako sailetan portu berria eta parke nagusia eraiki, trenbide eta errepideak hobetu, urak ekarri eta hilerria lekuz aldatu. Gizarte-ekipamenduak ere hobetu egin ziren: eskola berriak, ospitalea, zaharren egoitza, eta sehaska-etxea instalatu ziren eta nautika irakaskuntzak hasi ziren; horretan zeresan garrantzitsua izan zuten bertako ongintzazko fundazioek.

Gerra Zibilak pikutara bidali zituen horietako lorpen asko, eta ondorioz, herrriko bizitza eskasiak jotako hamarkadan murgildu zen. 1949 inguruan, Santurtzik berriro heldu zion aurrerapenaren bideari, eta kostaldean beste betetze-lan batzuk egin zituen ontzigintzarako eremuak lortzeko, udal azoka eraikitzeko eta arrantzaleentzako etxe sozialak egiteko. 1901 urteko 3.000 biztanleak 15.000 bihurtu ziren 1955ean.

Santurtziren benetako demografia eztanda, baina XX. mendearen hirugarren laurdenean zen heltzekoa. Horrela bada, 1960an 25.000 biztanle izatera iritsi zen; dena den, 1978. urtean heldu zen goren mailara, 55.159 lagunekin. Gizaki-pila hori bereganatzeko ezintasuna bizitzaren eremu guztietan nabaritu zen. Ur-hornidura, esate baterako, arazo benetan larria izatera heldu zen, 1967an Bilbo Handiko Uren Partzuergoa eratu artean konpondu ez zena. Bestalde, etxebizitzen arazoa ere izugarria izan zen, zeren eta, egin ziren eraikuntza eskas eta bizkorren ondorioz, baratz, mahasti eta larreen paisaia landatara deuseztatu egin baitzen zeharo.

Funtsezko azpiegitura eta zerbitzuak behar berrietara egokituz joan ziren poliki-poliki, eta hezkuntza, osasun eta erlijio-ekipamenduak hobetuz. Jarduera ekonomikoa ere dibertsifikatu egin zen energiaren sektoreko industriak instalatzearen bidez; horrela bada, horiek osatu egin zituzten baxurako arrantzak-hirurogeiko hamarkadan bereziki emankorra izan zenak- emandako baliabideak.

Garai demokratikoa krisi ekonomiko larri baten eskutik etorri zen eskualde honetara, eta beraz, baita Santurtzira ere. Beste askotan legez, baina, udal honek jakin egin du zailtasunei aurre egiten; horretarako, bere baliabideak eta gero eta urriagoa duen espazioa egokitu egin ditu XXI. mendeko bizitzaren exijentzietara, nahiz eta landa eta arrantza-iraganetik geratzen ziren arrasto gutxiak sakrifikatu behar izan dituen.