PRUEBA COOKIES ENLACE
COOKIES

Arrantza eta nabigazioa

Santurtzi izan da baxurako arrantzarako ontzi gehien izan duten portu bizkaitarretako bat, eta garairik onenean berrogeita hamar izatera heldu zen, ia 200 gizoneko arrantzale-taldearekin. XX. mendearen hasierara arte, trainerua izan zen jarduera honetako funtsezko erreminta, harik eta lurrunezko edo eztandazko motorren bidez mugitzen ziren ontziek zokoratu zuten arte. Izan ere, ontzi berri horiek, zamatzeko ahalmen handiagoa izateaz gain, eskulan gutxiago behar izaten zuten. Arrantza-estilo honi ondoen egokitu zaion espeziea sardina izan da, eta ondoren, antxoa, bisigua, txitxarroa, berdela eta atuntxikia. Dena den, amua eta kaiolak ere erabiltzen ziren arrantzarako.

Harrapatutako arrainak berehala merkaturatzen ziren. Lan hori emakumeei zegokien batik bat: arrainak otarrean behar bezala tolestu ondoren, jantzi berezia soinean, Bizkaiko herri ugaritako kaleak ibiltzen zituzten beren salgaien bikaintasuna lau haizetara hedatuz.

Portugaleteko barra beldurgarria hain hurbil zegoenez, pilotu praktiko edo lemariek talde joria osatzen zuten Santurtzin aspaldi-aspalditik; horien zeregina zen marea baxu zegoenean Abra zeharkatzeko gidari-lanak burutzea. Hemen bizi ohi zen Bilboko Kontsulatuaren menpe zegoen Pilotu Nagusia, kanala eta bertako balizak zaintzeaz arduratzen zena.