PRUEBA COOKIES ENLACE
COOKIES

Meatzaritza

Plinio historialari erromatarra seguruenez Triano mendiko meatokiez mintzatuko zen, bere Historia Naturalean, ozeanotik hurbil burdinazko mendi bat zegoela esaten zuenean.

Mea-inguru honen ustiapena hain goiz eta trinko hastearen arrazoiak hauek izan ziren: mearen aberastasuna, leku txikian oso kontzentratuta egotea eta itsasoaren hurbiltasuna. Mendeetan zehar, meategietako ustiapena eskualdekoen eskuetan egon zen; baina, XIX.mendearen azken laurdenetik aurrera Euskal Herriko gainerako herrietatik, Gaztela Zaharretik eta Galiziatik kapital eta eskulan-kopuru handiak etorri ziren, eta besteak beste Matamoros eta Triano izeneko barruti ospetsuetako ateratze-lanak izugarri bizkortzea eragin zuten. Bestalde, inguruko herrietako paisaia eta gizarte-egitura ere eraldatu egin zen izugarri. Meatzaritzari lotutako lurreko komunikabideak, esaterako, asko hobetu ziren, trenbideak bereziki.

Zainik onenak berehala agortzearen ondorioz, azpiproduktuak (karbonatoa, txirta eta miñoia) ustiatzeari ekin zitzaion, eta horretarako azpiegitura bereziak eraiki ziren, esaterako, kiskaltze-labeak, garbitegiak eta dekantazio-baltsak, hurrenez hurren.